XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HALA BILTZEN DA SUITZAKO BANKUEK ETA EEBBETAKO JUDUEN ELKARTEEK LORTU AKORDIOAN

50 urte geroago, 1.250 milioi dolar nazien biktimentzat

Suitzako bankuetan gorde zuten dirua Bigarren Mundu Gerran nazien jazarpena jasaten ari ziren judu ugarik. Gero, ordea, gehientsuenek ezin izan zuten dirua berreskuratu agiri faltagatik. Orain, EEBBen zigorren beldur, 1.250 milioi dolar itzultzea onartu dute bankuek.

Auschwitzeko kontzentrazio eremua. 1945eko argazki batean.

HILABETE luzeetan aritu dira negoziatzen EEBBetako juduen elkarteak (instituzio eta politikari ugariren laguntza izan dute) eta Suitzako bi banku nagusiak, UBS eta Credit Suisse; azkenean, lortu dute akordioa.

Hain zuzen ere, Suitzako bankuek 1.250 milioi dolar emango dizkiete Holokaustoaren biktimei, urte guztiotan lokartuta izan diren kontuen ordainetan.

Bigarren Mundu Gerra garaian, judu askok Suitzako bankuetan ezarri zuten beren dirua naziengandik ihesi, Suitza herrialde neutrala baitzen.

Dirutza handi horretatik gehiena, baina, bankuen esku izan da orain arte.

Izan ere, judu gehienak nazien biktima izan ziren, eta ez zuten legezko epeen barruan beren kontuetan mugimendurik egiteko aukerarik izan: ondorioz, bankuek beretzat hartu zuten dirua.

Halaber, askok nortasun agiriak galdu zituzten, eta bankuek paperak eskatzen zizkieten. Kontzentrazio eremuetan hildakoen oinordekoei, esate baterako, heriotz agiriak exijitzen zizkieten kontuetako dirua jaso ahal izateko.

Berrogei urte inguruz nahikoa ixilean igaro zen juduen dirutzaren afera.

Suitzako bankuetan nazien biktimen lokartutako kontuak zeudela 1995ean hasi zen zabaltzen.

1996an, kontzentrazio eremu batetik bizirik ateratzea lortu zuen emakume batek, Gizella Weishau-k, salaketa judiziala jarri zuen Suitzako aipatu bi bankuen kontra New York-eko epaitegi batean.

Hain justu, EEBBetako Juduen Elkartea izan da auzi honetan indar handiena egin duena, eta horretarako, politikari eta instituzio ugariren laguntza izan du.

Alfonse D'Amato senadore errepublikano ezaguna besteak beste, Kubaren kontrako legeak eta arau oso kontserbadoreak bultzatu dituelako izan da juduen bozeramailea arazo honetan.

Atzo, berak jakinarazi zuen hitzarmena lortu zutela Suitzako bankuak zigortzea erabaki zuten araudi hori irailaren 1ean jarri behar zuten indarrean New York, News Jersey eta Kalifornia estatuetan

Zigor mehatxua zela medio, Suitzako Gobernua oso kezkatuta zegoen barne ekonomian izan zezakeen eraginagatik, eta protesta ere egin zuen. Dena den, azkenean bankuek amore eman dute.

Suitzaren neutraltasuna. Nolanahi ere, UBSk zein Credit Suissek ukatu egin dute lokartutako kontuen auzian fede txarrez jokatu zutela. Kudeaketa txarra egin zutela onartu dute, baina nabarmendu dute beren asmoa ez zela izan juduen dirua eskuratzea.

Era berean, Suitzaren neutraltasuna ere nahikoa zalantzan jarri du istilu honek. Gainera, orain gutxi jakin zen naziek juduei ostutako urrea eta bestelako ondasunak onartu zituela Suitzak armen truke.

Hasiera baino ez da

SUITZAKO bankuekin akordioa lortu arren, Holokaustoaren biktimen hondasunen auzia ez dela amaitu nabarmendu zuten atzo haien abokatuek.

Aitzitik, hasiera baino ez dela azaldu zuen Michael Witti-k, abokatuetako batek.

Izan ere, gaur egun 10.000 inguru dira Europako zenbait herritako banku eta aseguru etxeen kontrako salaketak jarri dituzten judu estatubatuarrak.

Hurrengo urratsa Alemaniako bankuei eta Europako zenbait aseguru etxeri ordainaraztea da.

Holokaustoaren biktimen arabera, 18.000 milioi dolar zor dizkiete Alemaniako bankuek.

Aseguru etxeei dagokienez, asko izan ziren gerra garaian juduei bizitza aseguruak egin, eta gero polizak ordaintzeari uko egin ziotenak.

Gainerakoan, juduen elkarte gehienak nahikoa pozik agertu dira Suitzako bankuekin lortutako akordioarekin.

Estelle Sapir, nazien eskuetatik bizirik ateratzea lortu zuen 74 urteko emakumea, agertu zen atzo komunikabideen aurrera, D'Amato senadorearekin batera akordioaren berri ematera.

Sapirrek oso pozik zegoela esan zuen, baina konponbide hori askoz ere lehenago lortu behar zela nabarmendu zuen.

Suitzako Juduen Elkartea, berriz, kezkatuta dago, sumatu duelako diruaren afera honek guztiak antisemitismoa berpiztu duela Suitzako gizartean.

Juduok diruzale hutsak baino ez garela ari dira zabaltzen, txantajea egin dugula, adierazi zuen M. Rolf Bloch Suitzako Komunitate Juduko lehendakariak.